GOI MAILAKO TEKNIKAK
ENERGIA-EFIZIENTZIAN
Praktikarako gune bat da; obra berrietan eta eraberritze energetikoetan erabiltzen diren soluzioak aztertzeko espazioa. Efizientzia energetikoan eta estrategia pasiboetan oinarrituz eraikitako etxegintzara bideratuta, beti ere.
Helburua:
Proiektua premiazko behar bat betetzeko sortu da; eraikuntza sektorean energia-efizientzia altuko teknikak aplikatzeko formakuntza beharra dago. Tailerra, teknika horiek ezagutzeko gune bat da: materialak manipulatu, aztertu, neurtu eta material-konbinazioak egin daitezke; eraikuntza-elementu guztiak bistara daude, eskema edo azalpenak eskura ,eta, sistema ezberdinen alderaketak eginda daude.
Deskribapena:
“Passivhaus gela-tailerra” sortzearen ideia bi arazori konponbidea emateko asmoz sortu da.
Batetik, sektoreko profesionalek eta ikasleek energia-efizientzian eta teknika jasangarrietan formakuntza eraginkor baten beharra dutela azaleratu dute. Eta bestetik, beharrezkoa da etxeetako energia kontsumoa murriztea, bai etxegintzan baita eraberritze obratan ere, eta horretarako, eraikitzeko teknika pasiboen aplikazioa ezinbestekoa da.
“Passivhaus gela-tailerra” eskolako sarrerako bi gela eraberritutan sortu da.
Etxe pasiboak (berogailurik ia behar ez dutenak) eraikitzeko erabiltzen diren estrategia pasiboak landu, sakondu eta esperimentatzeko espazioa sortzea izan da asmo nagusia.
Passivhaus estandarrak 4 oinarri ditu:
- Isolamendu termiko ezin hobea itxituretan, estalkietan, arotzerian eta lurrean, zubi-termikorik sortu gabe.
- Bero-irabazien kontrola, eguzki-beroa jasotzeko edo bertatik babesteko.
- Estankotasunaren kontrola, kontrolik gabeko aire nahasketarik gabe.
- Aireztapen mekanikoa bero-berreskuratzailearekin.
Material eta entsegu sinpleen gela. Bertan ikasleek ahalmen energetiko ezberdinak dituzten materialak ezagutu, manipulatu eta baloratu ahal izango dituzte. Material-gelan optimizazio-energetikora egokitutako material sorta zabala dago, baita neurketa-aparatuak ere material ezberdinen arteko alderaketak egiteko; transmisio termikoa neurtuta, bero-xurgapena, eta aplikazio informatikoak etxe pasiboen diseinu eta kalkuluetan kondentsazio interstizialak eta azalekoak iragartzeko.
Prototipo eta eraikitze-detaile gela. Passivhaus estandarraren arabera eraberritu da, bertan, eraikitze sistema ezberdinak ikus daitezke, neurketak egin eta planoak eskematizatzen dira. Prototipo gelan 13 eraikitze soluzio ezberdin proposatzen dira, Passivhaus estandarraren exigentziak betetzen dituzte denek, transmisio-termiko eta hermetikotasunari dagokionez. Merkatuan aurki daitezkeen material ezberdinekin sortu dira, horrela, klima eta erabileraren arabera daude sailkatuta. Gela honetan, etxeko puntu ahulak antzemateko beharrezko testak eta neurketak egiteko aparatuak daude, hala nola, “termografia kamera” edo “blower door”-a.
“Blower door test”-a entsegu bat da, etxeen estankotasuna neurtzen duen aparatua, edo beste modu batean esanda, etxeetan kontrolik gabe sartzen den aire hotz kantitatea neurtzen duena. Entsegu honetan aire infiltrazioa kuantifikatzen da. Ohiko etxe batek %25eko galera energetikoa izan dezake, eta, etxe zaharretan %40raino iritsi daiteke galera hori. Entseguan kontrolik gabeko infiltrazioak antzeman daitezke, eta horrela, konponketa eta hobekuntzak errazten dira.
Proiektuan beste gela berri bat sortzea aurreikusita dago: Hermetikotasun gela. Itxitura mota eta eraikitze-elementu ezberdinak jarri ahal izango dira hormaren alde batean, ahokatuta eta zigilatuta. Ondoren, ate batetik “blower door”-a instalatu eta presurizazio testa egingo da, datuak hartu eta soluzio ezberdinak proposatzeko. Gelako gainontzeko espazioa hermetikotasun panelekin beteko da; etxeen hermetikotasuna lortzeko beharrezkoak diren lamina, zinta eta pasten erakusleihoa.
HARREMANETAN JARTZEKO
Zalantza edo argibiderik behar baduzu, erraztu dizkizugu lanak!. Bete ondorengo formularioa, edo, nahiago baduzu, idatzi iezaguzu e-posta bat eagi@eagi.eus helbidera edo deitu 943 569 222 telefonora
Sare sozialetan jarraitu iezaguzu
Ikastaro, nobedade eta hainbaten berri izango duzu.
EAGI
Donostia Etorbidea 5
20160 Lasarte Oria
Telefonoa: 943 569 222
Email-a: eagi@eagi.eus
Webgunea: eagi.eus